Lehen Hezkuntza.
Ziklo bakoitzera egokitutako hainbat unitate didaktiko ditugu, naturan barrena eta Natur Eskolako instalazioetan lantzeko fitxa didaktiko eta tailerren bidez.
Paisaiaren interpretazioa.
Arantzazuko zein Oñatiko inguruneak ezagutuz, bidean zehar inguruneko paisaiaren interpretazioa egin eta bertako baso eta mendi-larreetako bioaniztasuna zein den lantzen dugu. Kobazulo bat ezagutzeko aukera ere badago.
Arratsaldean, Natur Eskolako animalien bilduma ezagutu eta basa-animalia desberdinen oinatzak eta ibilbidean jasotako zuhaitz hostoen herbarioa egiten dugu.
Baserri ingurunea eta lanbideak.
Baserrietara bisitak egiten ditugu bertako abereak eta baserriko bizimodua ezagutzeko: ardiak, untxiak, zerriak, behiak, zaldiak, oiloak…
Arratsaldean gure instalazioetan tailer ezberdinak egin daitezke: argizarizko kandelak, ogia, hazi-landaketa, kabi-kutxak eta hegaztientzako jantokiak….
Landareak.
Basoko zuhaitzak eta hauen garrantzia lantzea da helburua. Honetarako, Arantzazu zein Oñatiko ibilbidean landareen atalak, berauen funtzioak eta zuhaitzen erabilera eta garrantzia zeintzuk diren ikasten dugu pagomotzak ezagutuz: garai batean zer nolako garrantzia izan duten lehengaia lortzeko eta gaur egun bioaniztasun gordailu gisa duten garrantzia.
Arratsaldean, ibilbidean zehar jasotako materialarekin gaiari buruzko fitxa didaktikoa eta herbarioa osatzen dugu.
Animaliak.
Arantzazuko zein Oñatiko ibilbidean zehar animalia basatien lorratzak, habiak… aurkitzen ditugu identifikazio gida eta fitxa didaktikoaren laguntzarekin.
Arratsaldean, animalia hauek bertatik bertara ezagutzeko helbururekin, Arantzazuko fraideek urtetan osatutako Euskal Herriko animalia basatien bilduma ezagutzen da eta animalien oinatzak egiten dira tailerrean.
Baso-ekosistema.
Pagadi zein hariztiko ibilbidean, fitxa didaktikoaren bidez baso ekosistemaren ezaugarriak ezagutzen dira: biotopoa zein biozenosia eta hauen arteko harremanak.
Baso natural eta landaketa baten arteko desberdintasunak ikustea eta basoen garrantziaz jabetzea da ekintza honen helburua.
Ibai-ekosistema.
Ibaian bertan ikerketa lanak egiten dira; faktore fisikoak (tenperatura, abiadura, norabidea…) eta bertako biozenosia (landaretza eta fauna) aztertzen ditugu hain zuzen.
Natur Eskolan jasotako datuak aztertzen dira fitxa didaktikoaren bidez. Ibaien eta ibai ertzeko basoen garrantzia eta funtzioak ezagutzea da helburua.
Lehen gizakia.
Euskal Herriko arkeologia eta paleontologiaren hastapenak ezagutu ondoren, giza eboluzioaren nondik norakoak eta giza espezie bakoitza ze klima, paisaia eta animaliarekin bizi zen ikasten da. Euskal Herriko kobazuloko aztarnategi garrantzitsuenetako bat ezagutzen da.
Ondoren, antzinakoen teknikak erabiliz pintura naturala egin eta kobazulotan nola margotzen zuten ikasi eta praktikatzen dugu Natur Eskolan.
Hondakinak eta birziklaia.
Zaborra eta birziklaiaren problematika aztertzen dugu. Zabor hondakin ezberdinak ezagutu eta gaika sailkatu ondoren, fitxa didaktikoa eta paperaren tailerra egiten dugu.
Gaiaren inguruko diaporama ikusi ondoren, Urrutxuko garbigunea bisitatzen da.